Mostrando entradas con la etiqueta halloween. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta halloween. Mostrar todas las entradas

2010/11/02

Bateragarriak direlako

Itaka ez  dago Joniar itsasoan.
Itaka Seguran  dago, irratian, etxean.
Itaka Elefanteen Hilerrian dago...
...edo azken hau dago Itakan?
Aurreko  larunbatean aipaturiko irratsaioak Elefanteen Hilerriari "Halloween"  aitzakia hartuta idatzitako sarrera errezitatzeko aukera eman zion, eta gure bloga handiagoa da orain. Eskerrik  beroenak Iratiri aukera emateagatik.

Baina Itakaren  mugak ez dira hor amaitzen; sarean ere badago, Iratiren blogari esker.

Eta bertan, literatura eta matematika ez direla zertan etsai izan behar konturatu da Levi.

Zer litzateke bata bestea gabe?

Levik atsegin du literatura. Eta atsegin ditu, baita ere, matematikak. Piatagorasen arabera zenabkiek arautzen dute unibertsoa ... Zergatik ez Elefanteen hilerria? Zergatik ez ... ?


Iratiren blogean matematika eta literatura; hemen -aurrerantzean- literatura eta  matematika... Bateragarriak izan daitzekeelako.

Mila esker, Irati.


Iturria: Bright Tal (flickr)


 P.S: Ahal bezain lasterren saiatuko naiz atal berri honi hasiera ematen.

2010/10/31

Requiescat in pace? (Halloween)

Aurrekoak argi utzi zion ez zezala egin, argi. 
Aresiok jada urte asko -gehiegi- zeramatzan lanean, hogei bat urterekin lanik ez zuela eta amak ehorzle sartzera behartu zuenetik. Gogoan zuen ama; haurtzaroa ezin kendu baitzuen burutik. Eta ongi gogoratzen zuen ere bere laneko lehen eguna.
-Ez ezazu egin, argi?
Berrogei urteren ondoren bere postua gazte ezezagun bati utzi behar zion agureak argi utzi zion ez zezala inoiz ere hilkutxa bat ireki.

-Bai -erantzun zion lotsaz, ideia hori inoiz  ere burutik igaroko ez zitzaiola argi  zuela.

Ia hogeita bederatzi urte igaro ziren jada lan berriari  hasiera eman zionetik; eta, lotsa apur batez onartu behar zuen geratzen zitzaizkion urte horietan bere hastapenak gehiegitan etortzen zitzaizkiola burura...

...tentakor.

 Bere azken urte hauetan... zergatik ez? Eta egin.


Asteazkenean izan zen hileta,  eta egun horretan bertan ehortzi zuten gorpua. Astebetera, Aresio berandurarte geratu zen lanean, eguneroko azken familiartekoak -periodikoki familiartekoen omenez otoitz egitera joan ohi zirenak- hilerria utzi zuten arte.

Eta orduan, esku-uhaga eta mailu baten laguntzaz, zazpi egun lehenago itxi zuen hilobiaren atea bota zuen. Iluntasunak egin zion harrera, barren barrenetik zerion hauts eta kiratsa ehorzleari ongietorria ematera bidaliz. Kriseilua sartu zuen lehenik, piztu berri zuen argiak beldurrari aurre egingo ziolakoan; eta honi jarraiki zerraldoraino iritsi zen.

Eta ireki.

"Jaungoikoak har nazala!"

Lasterka irten zen hilobitik, eta ondoan zuena ere ireki zuen indar bat bera ere egin gabe. Eta honen atzetik hilkutxa guztiak. Berdin.

Denek zituzten atzamarkak barnealdean.

Inork ez baitu demostratu hiltzea bizitzari betiko agur esatea denik.

Iturria: Maria Eskoriatza

P.S: Mila esker Maria Eskoriatzari bere irudi sakon hau erabiltzen uzteagatik, benetan! Bere lan gehiago ikusi nahi izanez gero klikatu hemen.

P.S (2) : S. A. U. L