Mostrando entradas con la etiqueta hilerri. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta hilerri. Mostrar todas las entradas

2011/03/08

Itzulera

Ea elefante txikia non ezkutatu den xuxurlatu didate orain aste batzuk.

Eta nik ere ez dakit, egia esan, non ibili naizen. Azterketen aitzakia brokel, beste ezer egitearen aurka borrokatuz, azterketei beraiei jaramon handirik egin gabe...

Baina itzuli naiz. Gara. Ni eta nire kamera berria. Eta orain, testuaz gain, argazkiak ere izango dira elefanteen hilerri honetan. Edo saiatuko naiz, behintzat. Levi eta Holga, XXI. mendeko fabula faltsu bateko pertsonaiak bagina bezala.

Ea egun maxpaxeatu hauetan denak hobera egiten duen :)


Bastet in the sky with diamondsek Holga batekin ateratako argazkia.

2010/10/31

Requiescat in pace? (Halloween)

Aurrekoak argi utzi zion ez zezala egin, argi. 
Aresiok jada urte asko -gehiegi- zeramatzan lanean, hogei bat urterekin lanik ez zuela eta amak ehorzle sartzera behartu zuenetik. Gogoan zuen ama; haurtzaroa ezin kendu baitzuen burutik. Eta ongi gogoratzen zuen ere bere laneko lehen eguna.
-Ez ezazu egin, argi?
Berrogei urteren ondoren bere postua gazte ezezagun bati utzi behar zion agureak argi utzi zion ez zezala inoiz ere hilkutxa bat ireki.

-Bai -erantzun zion lotsaz, ideia hori inoiz  ere burutik igaroko ez zitzaiola argi  zuela.

Ia hogeita bederatzi urte igaro ziren jada lan berriari  hasiera eman zionetik; eta, lotsa apur batez onartu behar zuen geratzen zitzaizkion urte horietan bere hastapenak gehiegitan etortzen zitzaizkiola burura...

...tentakor.

 Bere azken urte hauetan... zergatik ez? Eta egin.


Asteazkenean izan zen hileta,  eta egun horretan bertan ehortzi zuten gorpua. Astebetera, Aresio berandurarte geratu zen lanean, eguneroko azken familiartekoak -periodikoki familiartekoen omenez otoitz egitera joan ohi zirenak- hilerria utzi zuten arte.

Eta orduan, esku-uhaga eta mailu baten laguntzaz, zazpi egun lehenago itxi zuen hilobiaren atea bota zuen. Iluntasunak egin zion harrera, barren barrenetik zerion hauts eta kiratsa ehorzleari ongietorria ematera bidaliz. Kriseilua sartu zuen lehenik, piztu berri zuen argiak beldurrari aurre egingo ziolakoan; eta honi jarraiki zerraldoraino iritsi zen.

Eta ireki.

"Jaungoikoak har nazala!"

Lasterka irten zen hilobitik, eta ondoan zuena ere ireki zuen indar bat bera ere egin gabe. Eta honen atzetik hilkutxa guztiak. Berdin.

Denek zituzten atzamarkak barnealdean.

Inork ez baitu demostratu hiltzea bizitzari betiko agur esatea denik.

Iturria: Maria Eskoriatza

P.S: Mila esker Maria Eskoriatzari bere irudi sakon hau erabiltzen uzteagatik, benetan! Bere lan gehiago ikusi nahi izanez gero klikatu hemen.

P.S (2) : S. A. U. L