2010/10/31

Requiescat in pace? (Halloween)

Aurrekoak argi utzi zion ez zezala egin, argi. 
Aresiok jada urte asko -gehiegi- zeramatzan lanean, hogei bat urterekin lanik ez zuela eta amak ehorzle sartzera behartu zuenetik. Gogoan zuen ama; haurtzaroa ezin kendu baitzuen burutik. Eta ongi gogoratzen zuen ere bere laneko lehen eguna.
-Ez ezazu egin, argi?
Berrogei urteren ondoren bere postua gazte ezezagun bati utzi behar zion agureak argi utzi zion ez zezala inoiz ere hilkutxa bat ireki.

-Bai -erantzun zion lotsaz, ideia hori inoiz  ere burutik igaroko ez zitzaiola argi  zuela.

Ia hogeita bederatzi urte igaro ziren jada lan berriari  hasiera eman zionetik; eta, lotsa apur batez onartu behar zuen geratzen zitzaizkion urte horietan bere hastapenak gehiegitan etortzen zitzaizkiola burura...

...tentakor.

 Bere azken urte hauetan... zergatik ez? Eta egin.


Asteazkenean izan zen hileta,  eta egun horretan bertan ehortzi zuten gorpua. Astebetera, Aresio berandurarte geratu zen lanean, eguneroko azken familiartekoak -periodikoki familiartekoen omenez otoitz egitera joan ohi zirenak- hilerria utzi zuten arte.

Eta orduan, esku-uhaga eta mailu baten laguntzaz, zazpi egun lehenago itxi zuen hilobiaren atea bota zuen. Iluntasunak egin zion harrera, barren barrenetik zerion hauts eta kiratsa ehorzleari ongietorria ematera bidaliz. Kriseilua sartu zuen lehenik, piztu berri zuen argiak beldurrari aurre egingo ziolakoan; eta honi jarraiki zerraldoraino iritsi zen.

Eta ireki.

"Jaungoikoak har nazala!"

Lasterka irten zen hilobitik, eta ondoan zuena ere ireki zuen indar bat bera ere egin gabe. Eta honen atzetik hilkutxa guztiak. Berdin.

Denek zituzten atzamarkak barnealdean.

Inork ez baitu demostratu hiltzea bizitzari betiko agur esatea denik.

Iturria: Maria Eskoriatza

P.S: Mila esker Maria Eskoriatzari bere irudi sakon hau erabiltzen uzteagatik, benetan! Bere lan gehiago ikusi nahi izanez gero klikatu hemen.

P.S (2) : S. A. U. L

2010/10/30

...inprobisatzen...

Gidoi bat idazterako orduan...

...Orain inprobisatu...

- Idatzi esaldi guztiak, inprobisatzea ez baita erraza!

...Zer da ba orduan bizitza,
jendaurrean eginiko berahlako
inprobisazio bat baino?



Iturria: Sabor Digital (Flickr)




2010/10/18

Anonimotasunaren itzaletik

Hau ez da nire lehen bloga. Orain urte batzuk beste blog bat sortu nuen, ikastolako proiektu gisa, eta bertan ibili nintzen buru-belarri bizpahiru urtetan zehar, ahanzturaren lizunak eskuartetik kendu zidan arte.

Baina,  urte batzuen buruan beste blog bat -hau- sortzeko grinak hartu ninduen. Eta egin. Baina anonimotasunaren itzaletik idaztea pentsatu nuen oraingoan. Goitizen sinple baten bidez ezkutatu nintzen mundu errealen hatzaparretatik, nire benetako identitatea munduaren bizkarretara gordez. Gutxi ziren nor nintzen zekitenak, zergatik idazten  nuen ezagutzen zutenak.

Baina -urtaroaren aldaketak edo- mozorroa kendu zidan oharkabean. Eta  jende gehiago eta gehiago hasi zen nor nintzen jakiten.

Eta onartu behar dut ez zitzaidala atsegin gertatu, hasieran.

Baina egun hauetan konturatu naiz nire mingostasunaren zentzugabekeriaz.

"Blog bat ez da zerbait pribatuan gordetzeko gune bat, Levi"

Eta horregatik ez diet nire izena aditzera eman zutenei inongo errurik egozten;  hare gehiago, eskerrik beroenak nire partez.

Orain nahi dudana idazten dudalako, anonimotasunaren itzaletik aparte.

P.D: Izengoitia mantenduko dut, zuen baimenez.


Iturria: Ramón Peco (Flickr)

2010/10/16

Artile artean lotan

Bart gauean hotz handia egin du,
eta nik bufandarekin lo egitea pentsatu dut.

Lagun batek eginiko bufanda batekin.

Inoiz egin al duzue lo lagun batek egindako bufanda batekin ?

Goizean kalkuluak egin eta 4750 puntadaz eginik dagoela konturatu naiz.
4750 puntada niretzat bakarrik...

Inoiz egin al duzue lo lagun on batek egindako bufanda batekin?






2010/10/05

USL

Orrialde bera berriz ere destolestean;
mezua berrirakurri eta berriz ere ulertzen saiatzean;
sintaxitik haratagoko mezu ezkutuak -hitzen artean nahi gabe galduak- bilatzean;
izandako uneak gogoratu eta (beharbada) izango direnak imajinatzean;
guk sorturikoak...


Orrialde bera berriz ere destolestean; erantzun bakar bat...


...baina ezer berririk ez... artean.