2010/12/11

Kez beteriko gelan (II)

Pospoloan gora zetorren garrari begiratu zion; denbora luzeegiz, behatz puntak erre zitzaizkion arte. Gero, saminez begiratu zion hatz muturretan sortu berri zitzaion babari.

Hura zen kaxako azken pospoloa.

- Eta orain? -galdetu zion berak.
-"Eta orain?" zer?
-Ea zer egingo duzun, hori zen azken pospoloa.

Biek (pentsakor) lurrera begiratu zuten, ehunka zurezko adar txikik erretzean utziriko ikatzezko hilerri hartara. 

Bera aulkitik altxatu eta leihora hurbildu zen, irekitzeko. Baina ez zen kerik atera bertatik. Gelan geratu zen, flotatzen, sabaira itsatsita. 

Haize hotza, ordea, aise sartu zen gelara. Eta beroa garaitu zuen.

Bera jiratu egin zen; eta beste gizona ikusi zuen lurrean makurtuta; ahoa herio kolorez; errautsak jaten. Eta betiko irribarre oker harekin -ilunagoa orain, ordea- begiratu zion, berriz ere.

-Amaitu da.


Iturria: Neil Dorgan (flickr)



2010/12/09

Kez beteriko gelan

Betiko irribarre oker harekin begiratu eta eskuartean zuen pospoloa piztu zuen, zartailuaz norbait zigortzen denean egin ohi den keinu bera erabiliz, ohituraren eskuek bere soinadarrak mugi zitzaten utziz...

-Usaitzen al duzu hori? -galdetu zion hortz artetik.
-Zer? -berak, fosforora gerturatuz.
-Hori, askatasunaren usaina da -xuxurlatu zuen, bere ahotsaren indarra eskuartean zuen zureko garrarekin batera itzaltzen zelarik-. Fortuna.

Hitzak oihartzun egin zuen gelan.



Iturria: Oha-Lau 2 (flickr)