2010/12/11

Kez beteriko gelan (II)

Pospoloan gora zetorren garrari begiratu zion; denbora luzeegiz, behatz puntak erre zitzaizkion arte. Gero, saminez begiratu zion hatz muturretan sortu berri zitzaion babari.

Hura zen kaxako azken pospoloa.

- Eta orain? -galdetu zion berak.
-"Eta orain?" zer?
-Ea zer egingo duzun, hori zen azken pospoloa.

Biek (pentsakor) lurrera begiratu zuten, ehunka zurezko adar txikik erretzean utziriko ikatzezko hilerri hartara. 

Bera aulkitik altxatu eta leihora hurbildu zen, irekitzeko. Baina ez zen kerik atera bertatik. Gelan geratu zen, flotatzen, sabaira itsatsita. 

Haize hotza, ordea, aise sartu zen gelara. Eta beroa garaitu zuen.

Bera jiratu egin zen; eta beste gizona ikusi zuen lurrean makurtuta; ahoa herio kolorez; errautsak jaten. Eta betiko irribarre oker harekin -ilunagoa orain, ordea- begiratu zion, berriz ere.

-Amaitu da.


Iturria: Neil Dorgan (flickr)



3 comentarios:

  1. Filosofia Levitarra beti bezala irakurleari nahi duena imajinatzen uzten.
    Nere imajinazio guztia atera eta oraindik ez naiz gai zure testuen benetako esanahia ateratzeko.

    ResponderEliminar
  2. Benetako esanahia duela suposatuz... :P

    ResponderEliminar